Nafarroa osoko 1.100 gaztek hartuko dute parte X. SAREAN EUSKARAZ Jardunaldietan.
Euskarazko Kultura Digitala sustatzea da ekimenaren helburu nagusia.
- NOIZ: 2026ko urriak 13, 14 eta 16an, 08:45–13:45
- NON: Baluarte Jauregia, Iruña
- NOR: Nafarroa Osoko 19 ikastetxetako DBHko 4. mailako 1.100 ikasle
- ZER: 8 lantegi praktiko, 2 hitzaldi interaktibo, Zainduz saretu ihes-jokoa, Gezur(h)egia jokoa, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida kolektiboa, zozketak eta Flako Fonki-ren kontzertua.

Nafarroako Gobernuak Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez bultzatzen duen SAREAN EUSKARAZ egitasmoa hamargarren aldiz iritsiko da Nafarroako hiriburura.
GAZTEAK, Informazioaren eta Komunikazioaren TEKNOLOGIAK (IKT), eta EUSKARA dira jardunaldi hauen zutabeak, eta horien inguruan ardazten da ekimenaren helburu behinena ere: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutarazi nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du, eta gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Bigarren Presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Javier Arakama Urtiaga Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak bertatik bertara jarraituko dituzte lehenengo saioaren nondik norakoak. Arakamak berak, gainera, parte hartuko du urriaren 13an, 09:00etan, SAREAN EUSKARAZ ekimeneko lantaldeak gazte parte-hartzaileei egingo dien harreran.
ASKOTARIKO EDUKIAK ETA FORMATUAK
Baluarte Jauregian, ikasleek hiru gune dituzte zain: IKAS gunea (tailerrak), HARREMANAK gunea (hitzaldia+ihes-jokoa) eta PRIBATUTASUNA gunea (hitzaldia+ihes-jokoa). 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, gazteek SAREAN EUSKARAZ jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute:
> Lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko 8 lantegi
> Arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko 2 hitzaldi interaktibo
> Egunean Behin jokoan lehiatzeko tartea.
FLAKO FONKIREN KONTZERTUA



