Egitaraua

Erlazionatutako dokumentuak

Erlazionatutako estekak

Hitzaldi eta tailer interesgarri ugari Sarean Euskaraz jardunaldietan

Azaroaren 6an eta 7an izango dira Iruñeko Baluarten; arratsaldeko ekitaldietan sarrera librea izango da herritar guztientzat

Iruñeko Baluarte Informazio eta Komunikazio Teknologia berrien gune garrantzitsu bihurtuko da azaroaren 6an eta 7an, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez, antolaturiko Sarean Euskaraz jardunaldietan. Goizetako saioak Nafarroako D ereduko DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat izanen dira, eta arratsaldetakoak nafar guztientzat irekiak.

Azaroaren 6ko eta 7ko arratsaldetako saioak herritar guztientzat irekiak izanen dira, eta horietan euskarazko kultura digitalaren inguruko hitzaldi eta tailer interesgarri ugari antolatu dira.

Tailer edo ikastaroak azaroaren 6an izango dira, 18:00etatik 21:00etara. Lantegi bakoitzean 20 lagunentzat izanen da lekua, eta  aldez aurretik izena eman behar da inprimaki hau betez. Ikastaro batzuetarako beharrezkoa da mugikor edo ordenagailu eramangarri bat eramatea. Lau lantegi izango dira, gai eta molde oso ezberdinetakoak: Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioei buruzkoa; errealitate birtualaren ingurukoa; esparru birtualeko harreman afektibo-sexualei buruzkoa; eta Raspberry Pi gailuaren ingurukoa. Lantegi guztiak euskaraz izanen dira.

Hitzaldiei eta mahai-inguruei dagokienez, bertako eta nazioarteko hainbat aditu izanen dira jardunaldietan. Hitzaldiak euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez izanen dira. Nafar guztiek egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan dezaten, hitzaldietarako, aldibereko itzulpen zerbitzua izanen da. Azaroaren 6an, 18:00etan, András Kornai hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak Nola salbatu hizkuntza bat heriotza digitaletik? izenburuko hitzaldia eskainiko du, hainbat hizkuntzen inguruko esperientzien berri emanez. 19:00etan, Bizitza digitalizatua: gure sareko jardueren ezkutuko aldea gaia ardatz hartuta, mahai-ingurua eginen dute Andrea Fumagalli Ekonomia Politikoaren irakasleak, Amparo Lasén Politika Zientziak eta Soziologiako fakultateko irakasleak eta Angel Luis Lara Kultur Ikasketen irakasleak; Iñaki Martínez de Albeniz soziologoaren gidaritzapean. Hizlariek gure bizitza digitalizatuaz era kritikoan hausnartuko dute, Interneten dugun jarduera, erabiltzen ditugun konektibitatedun gailu teknologikoak eta mundua mugiarazten duen arrazoi orokorraren arteko loturak abiapuntu hartuta. Azaroaren 7an, hiru hitzaldi izango dira.  INFO aretoan, Wikipediaren inguruko bi hitzaldi izanen dira: 18:00etan Wikipedia, entziklopedia askea hitzaldia emanen du Euskal Wikilarien Elkarteko kide batek, eta 19:00etan Wikimedia eta Hezkuntza: Bizitzarako trebeziak eta ezagutza askea munduarentzat eskainiko du Nichole Saad Wikipedia Hezkuntza Programako arduradunak. IKAS aretoan, berriz, 18:00etan Online harremanetan hastea: arriskuetatik aukeretara eskainiko du Emaize elkarteko kide batek.

Goizeko jardunaldiak
Azaroaren 6ko eta 7ko goizetako saioak DBHko 4. mailako eta batxilergoko 1. mailako ikasleentzat izanen dira. Saio horietan, ikasleek Wikipediako artikuluak igoko dituzte sarera, beraiek prestatuak; izan ere, aldez aurretik, entziklopedia digital ezaguna editatzen ikasteko prestakuntza jaso dute. Artikulurik onenaren egileek saria jasoko dute jardunaldietan. 13 ikastetxetako 1.000 ikaslek eman dute izena goizeko saioetarako.

Era berean, bestelako esperientzia ugariz ere gozatzeko aukera izanen dute. Alde batetik, Informazio eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera ardatz duten euskarazko lau egitasmo aurkeztuko zaizkie ikasleei (Interneten ere lehen hitza euskaraz; Gazte Gara Gazte @ Ahotsak.eus; Booktegi; eta Elhuyar hiztegiaren APPa) eta horrez gain, sarea erabiltzerakoan pribatutasuna zaintzeko aholkuak jasoko dituzte. Bestetik, zortzi lantegi izango dira ikasleentzat, gai eta molde oso ezberdinetakoak: Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak; errealitate birtuala; bideo mappinga; 3D inprimagailuak; Raspberry Pi; AppInventor; Arduino; eta esparru birtualeko harreman afektibo-sexualak.