Albisteak

Zabalik da IV. Sarean Euskaraz programako ikastaroetan izena emateko epea. Aukeratu zeurea

Urriaren 13tik azaroaren 15era bitarte, doako 25 tailer izango dira aukeran, Iruñan ez ezik, Nafarroako beste 22 udalerritan ere. Den-denek euskarazko Komunikazio eta Informazio Teknologiekin dute zerikusia. 

Guztira zazpi lantegi mota ezberdin dakartza eskaintzak. Batzuk 6 ordukoak izanen dira (3 orduko bi saiotan banatuta), eta beste batzuk 2 ordukoak: 
Youtuber izateko mila modu, Robotika, Appinventor, Pribatutasuna Sarean, Webguneen sorkuntza, Bideomapping eta Musika sortzeko app-ak dira lantegi horien ardatz.

Sektorean eskarmentu luzedun profesionalak arduratuko dira ikastaro hauek edukiz hornitu nahiz zuzentzeaz. Udal liburutegi, gazteleku nahiz kultur etxeetako instalazioak erabiliko dituzte eta saio bakoitzeko gehienez 15-20 lagunen parte-hartzea aurreikusi dute.

AUKERATU ZUREA ETA EMAN IZENA!
Plazak mugatuak dira, beraz…
Eman begirada bat eskaintza osoari, kontsultatu datak/ordutegiak egutegian…topatu zure gustu eta beharren araberako tailerra….Eta eman izena honako formulario hau beteta!

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutoaren bitartez, hainbat Udaletako euskara zerbitzuen laguntzaz martxan jarri duen IV. Sarean Euskaraz programa zabalago baten baitako ikastaro zikloa da hau, euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutarazteko helburua duena.

Saioak, nagusiki, 12 urtetik gorako gazteengan pentsatuta diseinatu dituzte, eurak direlako IKTen erabiltzaile aktiboenak, baina gaian interesa duen hiritar orok ere har dezake parte. 
itzuli