Albisteak

Sarean Euskaraz programaren edizio berriak aurrera eginen du Covid-19ak eragindako egoerara egokituz

DBHko 4.mailako eta Batxilergoko 1.go mailako ikasleei zuzendutako jardunaldiak 4. edizio honetan formatua erabat aldatu beharko du. Aurreko urteetan, jardunaldiak goiz batez Baluarten ia 500 ikasle elkartzen zituen, baina egun Covid-19ak eraginda bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta formatu hori baztertu eta modu deszentralizatuan antolatuko da hainbat ikastetxeetan. Beharrezkoa izanez gero jardunaldia bere osotasunean online emateko aukera ere aurreikusi da.

8 lantegi praktiko ezbedin eskaini dira, ikastetxe bakoitzak ikasle kopuruaren arabera bat edo bi aukeratu dituelarik. Ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:
    • Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
    • Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
    • AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
    • Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
    • Wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea)
    • Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
    • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
    • Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Protomakers)
 
2 saioko ikastaroa Moodle bidez 
Jardunaldiak aurten dakarren berrikuntza nabarmenena  online eskainiko den bi saioko ikastaroa da. Honetarako Moodle online ikaskuntza plataforma librea erabiliko da. Saio biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere. Saioak 4-5 minutuko hainbat bideo-pilulekin eta haiekin lotutako ariketekin osatuko dira. Saio batean Maider Likonak (Gipuzkoako Software Askea) Pribatutasuna Sarean gaia jorratuko du. Eta bestean, Ane Ortizek (Emaize Sexologia Zentroa) Harremanak 3.0: like bat eman.

Bi saioak osatuko dira euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten honako proiektuen aurkezpen bideo laburrekin: Lehen Hitza Euskaraz, Ahotsak, Gazte Gara Gazte, Booktegi eta Gatazkarik Gabeko Teknologia. 
itzuli