Albisteak

Iazko Euskara Sarera jardunaldien arrakastaren emaitza da Sarean Euskaraz

2017ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Gobernuak kultura digitalari buruzko Euskara Sarera jardunaldia antolatu zuen, Baluarten, iazko abenduaren 1ean. Jardunaldi haren arrakasta ikusirik, aurten Sarean Euskaraz jardunaldiak antolatu ditu Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez. 
Iazko Euskara Sarera ekimenak honako helburu hau izan zuen: euskararen erabilera sustatzea informazioaren teknologia berrietan eta, horren bidez, euskarazko kultura digitala suspertzea. Iazko ekimena oso arrakastatsua izan zen. Alde batetik, parte-hartzea handia izan zen: 14 eta 18 urte bitarteko 470 ikasle elkartu ziren Baluarten. Bestetik, askotariko gaiak eta arloak landu zituzten jardunaldietan: ikasleek “lehen hitza euskaraz” ekimenaren baitan Interneteko nabigatzailea zein mugikorra euskaraz konfiguratzeko pausoak ezagutu zituzten; sarean pribatutasuna nola zaindu ikasi zuten; euskarazko Wikipedia eta ahotsak.eus egitasmoak azaldu zitzaizkien; musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko appen berri eman zien DJ Makalak; 3D inprimagailuak eta errealitate birtuala erabili ahal izan zituzten gazteek…

Iazkoa emankorra izan zela ikusita, Nafarroako Gobernuak erabaki du aurten ere jardunaldiak antolatzea, baina asmoa are handiagoa da. Aurtengo jardunaldiak bi egunetakoak izanen dira eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua ia bikoitza izanen da goizeko saioetan. Horrez gain, arratsaldetako saioak diseinatu dira publiko orokorrak ere horrelako eskaintza erakargarriaz gozatzeko parada izan dezan.
itzuli