Albisteak

Gazteak, euskara eta teknologia berriak Iruñeko Baluarten elkar saretuta

Alaiz, Biurdana, Iturrama, Mendillorri eta Pedro de Atarrabia BHI ikastetxeetako kasik 500 ikasle kutsatu ziren urriaren 29an euskarazko kultura digitalarekin, horixe baitzen Iruñeko Baluarten antolatutako III. Sarean Euskaraz Jardunaldiaren helburu nagusia. 
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutoaren bidez, hirugarren urtez eman dio bultzada euskara, gazteria eta teknologia berriak erpinak elkar lotzen dituen ekimen honi. Hala, Mikel Arregi Euskarabideako zuzendaria eta Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria bera hurbildu ziren hitzordura, egitarauaren nondik norakoak bertatik bertara segitzeko.

Gazteek “egun ona” pasatzea espero zuela adierazi zuen Arregik ikasleei egindako ongietorrian, eta eduki ezberdinei “etekina” aterako dietela argi duela ere azpimarratu zuen. Ollok, bestalde, tankera honetako ekimenak “oso garrantzitsuak” direla nabarmendu eta horrela arrazoitu zuen:  “Gazteentzat mundu erreala mundu digitala da, eta ezinbestekoa da horretan ere euskara txertatzea, euskaraz aritzea”. 

Sarean Euskaraz Jardunaldiak euskarazko software eta baliabide ezberdinak ezagutzeko aukera eman zien atzo hurbildu ziren neska-mutilei; bai eta hainbat teknologia berritara euskaraz hurbiltzeko eta hauen erabilgarritasuna euskaraz ulertzeko ere: 3D inprimagailuak, errealitate birtuala, appak diseinatzeko tresnak, Sarean musika sortu nahiz zabaltzeko moduak… eta abar. Bestalde, zuzen-zuzenean eragiten dieten bi gairen bueltan euskaraz hausnartzeko bidea zabaldu duten bi hitzaldi interaktibotan ere hartu zuten parte: pribatutasuna eta harremanak 3.0. 

III. Sarean Euskaraz Jardunaldiko egitarau osoa HEMEN
itzuli