Albisteak

Dagoeneko eskuragarri Baluarteko jardunaldiaren egitaraua

Erlazionatutako dokumentuak

DBHko 4.mailako ia 500 gaztek hartuko dute parte hiru gune ezberdin, sei proiekturen aurkezpen, bi hitzaldi eta zortzi lantegi praktiko barnebilduko dituen jardunaldian.

Egitaraua dagoeneko eskuragarri dago esteka honetan.

Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Nafarroako Gobernuak Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren bitartez bultzatutako Sarean Euskaraz egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere. 

Ekimenak hirugarren ekitaldia beteko du aurten, eta urriaren 29ko Jardunaldia dakar hitzordu nagusi gisa. Goizeko 9etatik 14:00etara bitarte, DBHko 4.mailako ia 500 gaztek hartuko dute parte Iruñeko Baluarte Jauregian antolatutako hitzorduan. 
 
Gazteak eduki ezberdinak eskainiko dituzten hiru aretotan barrena mugituko dira:

Info Aretoa
Ezagutzara bideratutako gune honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 6 proiekturen inguruko aurkezpen labur (15’) bana entzunen dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Ahotsak egitasmoak, Gipuzkoako Software Askea Elkarteak, Booktegi-k eta Elhuyar Fundazioak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri emanen dute. 

Ikas Aretoa
Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:
    • Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
    • Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
    • AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
    • Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
    • Wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea)
    • Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
    • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
    • Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Iñaki Izkue)
  
Era Aretoa
Erabileran sakontzeko pentsatutako areto hau da aurtengo Sarean Euskaraz Jardunaldiak dakarren berrikuntza nabarmenena, eta bi hitzaldi programatuko dituzte bertan, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere. 
    • Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)
    • Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa)


SAREAN EUSKARAZ EKIMENAREN HIRUGARREN EKITALDIA
2017ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, abenduaren 1ean, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bidez, Euskara Sarera jardunaldia antolatu zuen, Baluarte Jauregian. Iaz, esperientzia errepikatu eta, bi egunez (azaroak 6 eta 7), parte-hartzaile kopurua bikoiztu egin zen. 2019ko hau, hortaz, Sarean Euskaraz Jardunaldiaren hirugarren ekitaldia izango da, datorren urriaren 29an Iruñeko Baluarte euskarazko IKTen erreferentziazko gune bilakatuko duena.
Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo egitarauaren osagarri gisa eta berau aberasteko, euskarazko IKTen inguruko doako ikastaro-ziklo bat ere abiatu dute. Urriaren 2az geroztik martxan da, eta azaroaren 15era bitarte Nafarroako 17 udalerritara helduko da bost tailer mota ezberdin eskainiz. YouTube plataforma, Robotika, Sareko Pribatutasuna, Blogak eta Musika sortzeko app-ak dira lantegi horien ardatz.  

OIHARTZUNA BIZKAIAN, ARABAN ETA GIPUZKOAN
III. Sarean Euskaraz Jardunaldiak, bestalde, Nafarroatik harago ere izanen du segida. Hala, tokiko elkarte, eragile eta instituzioek babestuta, egitaraua Durangora, Gasteizera eta Donostiara helduko da datozen asteetan, kasu honetan Xare izenaz. Urriaren 31n, azaroaren 27an eta abenduaren 17an izanen da, hurrenez hurren. 
itzuli